La carrera en favor del euskera recorrerá 24 km en Mendialdea, por Kanpezu, Genevilla, Cabredo, Marañón y Bernedo hasta la entrega del lekuko en Obekuri
Gaur bertan aurkeztu da Korrika 22aren behin betiko ibilbidea eta datorren apirilaren 6an igaroko da Mendialdetik, Euskal Herri osoko bere ibilbidearen zazpigarren egunean, hain zuzen. Oraingo honetan AEKk antolatutako euskararen aldeko lasterketa sartuko da gure eskualdera, Lizarraldetik. Korrika Kanpezutik (A-132) igaroko da, Nafarroan sartuko da berriro eta Bernedotik (A-126) jarraituko du Obekurin atera arte, Trebiñurako norabidean.
2019ko azken edizioan Korrika Mendialdetik goizez igaro bazen ere, oraingo honetan apirilaren 5etik 6rako gauean izango da. Aurreikusitako ibilbide-orriaren arabera, apirilaren 6an, asteazkena, 00:23an, Kanpezuko udalerrira helduko da Nafarroarekiko mugatik. Santikurutze Kanpezuko herrigunea zeharkatu ondoren, lasterketak Genevilla, Cabredo, Marañón, Angostina eta Bernedo herrietaranzko norabidea hartuko du, 2:50etan Obekurirekin lotzeko. Guztira, 2,5 ordu pasatxo eta 24 kilometro baino gehixeago Mendialdeari egokitu zaizkio.
Korrika 22ren ibilbidearen aurkezpena gaur egin da, baina Arabako AEK erakundearen eta Mendialdearen arteko lehen harremana joan den igandean izan zen, Kanpezun. Bilera horretan Korrikaren edizio honen alderdi nagusiak ezagutarazi ziren. Besteak beste, leloa eta abestia, Hitzekin, eta aurten Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo zaien omenaldia. 34 urtez euskararen aldeko konpromisoa eta egintza erakutsi duten pailazoak. Korrika 22 martxoaren 31n hasiko da Amurrion, eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian.
Beraz, hemendik aurrera eskualdeko batzordea eta partaidetzarako erreferentzia izango diren udal eta herri taldeak jarriko dira martxan. Finantzaketa-, partaidetza- eta hedapen-moduak egituratuko dira batzordeetan, eta koordinatuko dira kilometroen banaketa, materialaren salmenta edo Korrika Kulturalaren edo Korrika Txikiaren antolaketa, besteak beste. Korrika 22ren edozein ekintzatan parte hartu nahi duten pertsona guztiek www.korrika.eus webgune nagusia dute. Mendialdean, talde eragilearekin harremanetan jarrita, whatshapp bidez ere bai.
Iaz pandemia dela eta ezin izan zen ospatu, eta, beraz, Korrika 2019 da euskaltzaleentzako azken erreferentzia. Orduan, Mendialdean hiru udalerritako (Arraia-Maeztu, Kanpezu eta Urizaharra) 36 erakunde publiko eta pribatuk hartu zuten parte, baita Nafarroako zenbait herrik ere. Oraingo honetan Kanpezu eta Bernedo dira Korrika hartuko duten Arabako Mendialdeko udalerriak.